K.A.P. aren funtzionamenduaren inguruko eztabaida
Azkenaldian nabari da badagoela, karrera amaierako proiektuaren mekanikak hartu duen norabidea sorburu duela, eskola osoan hedatu den nahigabea. Azken deialdietako emaitzek eta gertakariek agerian uzten dute zerbaitek ez duela behar bezala funtzionatzen. Egoerak ez du hobera egiteko imintziorik. Hau dela eta, hainbat ikaslek, egoera honi aurre egiteko asmoarekin, iragan asteko ostegunean, gai hau ardatz zuela burutu zen batzar batean parte hartu zuten. Inpresioak elkar trukatu ostean, ondorio komun batzuetara ailegatzea erdietsi zen. Hona hemen deliberamendu hauen emaitza:
Karrera amaierako proiektua, urte guzti hauetan jaso ditugun ezagutzak praktikara eramateko gaitasuna nahikoa baldin badugun ebaluatzeko balio duen tresna da. Ulertzen dugu beraz, K.A.P. a, irakaskuntza unibertsitarioaren baitan kokatzea premiazkoa dela, ikaskuntza eta hezkuntzak lehentasuna dutelarik. Karrera amaierako proiektua ez da lan mundura sartzeko pretatzen gaituen zerbait. Karrera amaierako proiektua ez da lehiaketa bat. Karrera amaierako proiektua zuzentzen duten irakasleak ez dira gure bezeroak ez eta gure enplegatzaileak.
Ikasleon ikuspegia abiapuntutzat hartuz, gaur egungo sistemaren baitan badago hainbat esparru non ez den behar bezalako erantzunik eskaintzen. Bigarren mailako hainbat arazo dagoela egia bada ere (biribildu beharko litezkeenak, bistan da), bi dira momentu honetan eta ulerkera honen barruan, gure arreta erakartzen dutenak: epaimahaiaren funtzionamendua eta tutorearen irudia.
Epaimahaiari dagokionez; exijitzen dugu tribunalak bere funtzioei profesionaltasun akademikoz ekitea. Ezinbestekoa deritzogu epaimahaiak beharrezkoa den denbora eskaintzea proiektu bakoitzari, beharrezkoa den denbora, proiektua ulertu eta modu egokian kalifikatzeko nahikoa dena dela ulertzen dugularik. Baita, ikasle bakoitzak bere proiektuaren ahozko exposaketa egiteko aukera izatea proiektuaren kalifikazioaren aurretik. Beharrezko ikusten dugu, oinarritzat erabiliko diren kalifikatzeko irizpideak bakarrak, publikoak eta objetiboak izatea eta egutegi egoki bat ezartzea epe guztiekin zorrotza izanez. Azkenik, exijitzen dugu epaimahaiak ikasle guztion hizkuntza eskubideak berme osoz errespetatzea. Guzti honekin epaimahaiak ikaslearen heziketa prozesuan parte aktibo izatea bilatzen dugu, ez soilik bere lanaren kalifikaziora mugatzea.
Tutorearen kasuan; exijitzen dugu tutorearen funtzio eta betebeharren definizio zehatz bat. Gure ustetan berau da, ikaslearen ondoren, egindako lanaren ezagutzailerik onena. Horregatik beharrezko da bere iritziaren transzendentzia handiago bat, eta proiektua kalifikatzeko eta baloratzeko momentuan epaimahaiaren kide izatea. Tutorea ikaslearen heziketa prozesuan parte aktibo izatea nahi dugu honela.
Honekin, argi utzi nahi dugu ez dugula gainditze erraz bat bilatzen. Gure asmoa, ikaskuntza prosezuaren azken pausu hau, hasieran aipatu dugun bezala, hezkuntzaren markoaren barruan kokatzea da eta modu honetan, ibilbidea epaimahaiaren ekarpen puntualak (ez horregaitik garrantzi gutxiagokoak) eta tutorearen ikuskapen jarraiagoak aberastuko du. Kalitatezko hezkuntza oso bat nahi dugu. Arkitektura ikastea ogibide bat ikastea da, eta ez da lan mundurako prestakuntza bat; horretaz lan mundua bera arduratuko da.
Bukatzeko, gai honen harira burutuko diren asanbladetan parte hartzera gonbidatzen dugu interesatu oro eta gure borondatea erakusten diogu eskolako irakasleen kolektiboari beraien iritzia entzuteko.
D.A.G.E.T.eko ikasle asanbladak 2009ko urriaren 29an idatzitako manifestua
No hay comentarios:
Publicar un comentario